Ani

Hernanin, 2015eko urria.

Aita eta ama izatea munduko gauza ederrena da. Bizitzak bitan egin digu opari hori, 2011ean gure lehenengo alaba jaio zen, Uxune. Eta 2015ean gure bigarren alaba, Ani.

Uxunek erakutsi digu dena ondo doanean guraso izatea zer den, eta Anik, dena nahi bezala ateratzen ez deneko amatasuna eta aitatasuna, haurtxorik gabekoa.

Bi aste geratzen zitzaizkigun konplitzeko eta egun pare bat generamatzan kontrakzio txikiekin. Gau batean kontrakzioak mingarriagoak izaten hasi ziren eta jaiotzaren momentua iristear zegoela pentsatu genuen. Baina goizaldera Ani sentitzen ez genuela konturatu ginen eta ospitalera igo ginen.

Ez dakigu noizbait hain urduri eta desesperatuta egon garen, itxaron gelan zain. Aniren taupadak entzutera sartu eta erizainak ez zuen lortu taupadak bilatzea. Ginekologoa etorri eta ekografia egin ziguten segituan. Sabel barruan dagoen haur baten taupadak oso azkarrak izaten dira eta ez dugu sekula ahaztuko monitorean Aniren bihotza ikusi genuen momentua, hain geldo, hain mantso… Baina bizirik zegoen oraindik.

Hortik aurrerakoa kaos anarkiko baten moduan gogoratzen dugu: lau erizainen artean arropa kendu, zalapartaka eta korrika ebakuntza-gelara, bizi hala hilko zesarea urgentea… Anik bizi behar zuen. Ze beldurra, bakarrik, bata besteari eskua eltzeko aukerarik gabe…

Eta hortxe agertu zen sorpresa desatsegina, inork espero ez zuena: ustez haurtxoa babestu beharko lukeen plazenta, askatuta zegoen. Bizi berri bat babesten zuen poltsak, ia bi bizirekin bukatu zuen. Sentitutako minak ez ziren kontrakzioak, plazenta askatzeak sortutako odol-hustearen oinaze eta minak baizik.

Eta hortxe atera zuten Ani. Erraietako sustraietatik zerbait modu basatian kendu izan balute bezalako sentsazioa izan zen. Korrika eraman zuten pediatrek. Eta amatxo, hortxe, erdi hilda, suminduta, haurtxoa ikusteko, ukitzeko eta laztantzeko aukerarik gabe. Eta aitatxo berdin, bakarrik, galduta eta haurtxoa ikusteko, ukitzeko eta laztantzeko aukerarik gabe. Transfusioak, medikazio gogorrak eta atseden hartzea kalbarioa izan ziren amatxorentzako baina are eta okerragoa izan zen haurtxo txikiarekin ezin egon izatea.

Azkenik iritsi zen momentua eta amatxok Ani ezagutu ahal izan zuen, aitatxok medikuei gogor egin baitzien momentu hori lortu ahal izateko. 3,5 kiloko neska eder eta polita. Medikuek esperantza gutxi eman zizkiguten baina ez, ezta posible. Ze mundutan hiltzen da haurtxo jaio berri bat? Orduak pasa ahala esperantzak gutxitzen zihoazen, Anik oxigenoa faltan eduki zuen eta lesio handiak zituen garunean.

Gure beste alabak ospitalean egin zizkigun bixitak ere gogoratzen ditugu. Ez dakigu benetan nola bizitu duen esperientzia hau baina gogo handia daukagu koxkortzen denean berarekin egun horiei buruz hitz egiteko.

Bitan etorri zen. Lehenengo aldiz, Ani oso gaixorik zegoela esan genion. Bigarren aldiz, Ani hil egin zela esan behar izan genion.

Eta bai, mundu honetan haurtxoak hiltzen dira eta jaio eta hiru egunetara joan zen Ani gure ondotik. Gure besotan hil zen, goxo-goxo, lasai-lasai. Bere azken arnas saioak sentitu ahal izan genituen eta inongo sufrimendurik gabe joan zen. Bere aitatxo eta amatxoren laztantxoak, muxuak eta hitz goxoak jasoz. Gure bizitzako momenturik gogorrena izan dela esango genuke, baina dudarik gabe, bera gure besoetan edukitzeko berriro bizituko genukeena. Mina, xamurtasuna eta batez ere maitasuna nahasten dituen momentua.

Eta orain, denbora pasa dela, zortedunak izan ginela pentsatzen dugu, gure umetxoa hiru egunez ezagutu ahal izan genuelako eta gure besoetan zegoela hil zelako, goxo-goxo aitatxo eta amatxorekin.

Baina Aniren heriotzaren ondoren, zer? Bukaerarik gabeko amildegia, ondorik gabeko putzua, itotzen zara, erotzen zarela dirudi, ez duzu ezer ulertzen, errudun sentitzen zara, desesperatuta, hutsa… eta ondo ondoraino traizionatuta.

Ospitalean momentu oro primeran zaindu gintuzten eta oso ondo portatu ziren gurekin. Baina iritsi zen altaren eguna. Hortxe joan gienen biok etxera, gure alaba gabe… Hori da hori negarrak eta tristura etxera iritsi eta Aniren gauzak han prest ikustean. Momenturik gogorrenetakoa bezala gogoratzen dugu. Uxune eta bi amonen laguntzarekin, gauza guztiak jaso genituen. Argi eduki genuen lehenengo momentutik, Uxunerekin prestatu genituenez Aniren gauzak, bera aurrean zegoela jaso behar genituela.

Ani Polloen erraustu genuen eta zeremonia txiki eta familiarteko batekin agurtu genuen. Momentu horretan sentitu bezala prestatu genuen agurra. Eta nahiz eta ez zen guztiontzat irekia izan, lehenengo egun horietan inoiz baino babestuago sentitu ginen familia, lagun, herriko jende, lankideei… dagokionez. Eta Aniri agurtzera gonbidatu ez bagenituen ere, guztion berotasuna, maitatua eta errespetua sentitu genuen, eta hori garrantzitsua da une hauetan.

Zeremonia eta agiri guztiak bukatu eta orduan iritsi zen okerrena: dolua eta bizitzen jarraitzea. Bizitzen jarraitu behar duzu, bizitza berreraiki behar duzu eta ez dakizu nola. Gure burua tren geltoki bateko andeneko eserlekuan ikusten genuen, geldi. Trenak pasa eta pasa eta gu hortxe geldi, ezin mugituz. Inpotentzia itzela sumatzen genuen. Trena hartu nahi genuen baina ezin…

Asko lagundu zigun Uxunek. Bera ikastolara eraman behar genuen, berarekin parkera joan behar genuen eta berak bere gurasoak behar zituen. Berari esker hasi ginen lehenengo egunetatik kalera ateratzen, erosketak egiten, parkera joaten, ikastolara joaten.

Lehenengo egun horiek gogorrak izan ziren. Mundua handiegia zen, nola bueltatu kalera triparik gabe eta haurtxorik gabe? Guk haurtxo bat erakutsi behar genuen kalean eta horren partez, esperientzia gogor bat kontatu behar izan diegu galdetu digutenei. Oso dolu zaila da, jendeak ulertzen ez duen dolua, alaba bat hil zaigu baina jendeak ez du ezagutu, beraz, askotan ez dute ulertzen nola maitatu daitekeen edo nola egon zaitezkeen triste, hiru egunez zurekin egondako haurtxo batengatik. Ez dute zerbait erreala bezala ikusten eta hori mingarria da.

Guk beti esaten dugu umore punttu batez, tesi soziologiko bat egiteko hainako erreakzio eta jarrera bizitu ditugula jendearekin. Batzuk zurekin egon nahi dute, beste batzuk espaloiaren beste aldera pasatzen dira zurekin ez egoteko, gauza oso politak esaten dizkizute, beste batzuen ahotik sekulako astakeriak entzun behar dira (edukiko dugula beste bat, ulertu gabe haur batek ez duela beste baten lekua betetzen; Hobe zegoela hilik eta ez gaixo bizitza guztirako, beraiena izango balitz bezala erabaki horren boterea…).

Baina ez dugu dena kontra izan. Pertsona ikaragarri onak eduki ditugu ondoan bide luze honetan lagundu digutenak. Gauza beretik pasatako familiak ezagutu ditugu, jaso dugun laguntza profesionala ikaragarri aberasgarria eta positiboa izan da, gurekin batera negar egin dutenak, kale erdian besarkatu eta sentitzen dut esan digutenak, gure testigantza entzun nahi izan dutenak, gurekin paseatzera joan direnak nahiz eta bazekiten paseo tristea izango zela… denei eskerrik asko.

Baina dena aurrera doa, jada urtebete pasa da eta denbora eta lan pertsonalaren poderioz eta familiako kide bakoitza bere erritmora, badirudi andeneko eserlekutik altxatzen zarela, ondoren trenbidera gerturatzen zara, gero trena hartzen duzu eta azkenik gainontzeko bidaiariekin esertzen zara trenean. Bizitzak zentzua hartzen du berriro eta bizipoza bueltatzen da bihotzera.

Zorionez, Aniren argazki gutxi batzuk baditugu eta album txiki bat sortu dugu bere bizitza laburra irudikatzen duena. Gogoa sentitzen dugun bakoitzean ikusten dugu eta nolabait Anik egindako opariak ez ahazteko balio digu.

Eskerrik asko Ani, gure bizitzan puntu eta aparte bat egiten lagundu diguzulako, zuri esker gure bizitzan dagoen jendea hobeto ezagutu eta bakoitza bere lekuan kokatu ahal izan dugu, gure baloreak birpasatu eta berriz zerrendatzen lagundu diguzulako, bizitzako gauza txikiez hobeto disfrutatzen ikasi dugu zuri esker eta ia egunero deskubritzen dugu zuk utzitako opariren bat. Denagatik eskerrik asko.

Oso polita izan da zu ezagutzea, maite zaitugu.

Arkaitz eta Itziar, Aniren aitatxo eta amatxo.

Utzi iruzkina

3 iruzkin

  1. Joseba

     /  2015/11/10

    Eskerrik asko, zuen esperientzia konpartitzeagatik

    Erantzun
  2. Edurne

     /  2015/11/11

    Adiskidetasuna da, bizitzaren errezetan,osagairik garrantzitsuena!
    Lagunak, agian ez gera gauza zuek altxatzeko, baina….
    aurkituko degu zuek ez erortzen uzteko modua .
    Arka+Itzi ,Kriston indarra eta kemena erakutsi diguzue.
    Ani, ez zaitugu inoiz ahaztuko, beti izango zera gure bihotzean!
    Muxu potolo bat familia!

    Erantzun
  3. Eskerrik Asko; Arka, Itzi eta Uxune, kriston indarra eta kemena erakutsi diguzue! Adiskidetasuna da, bizitzaren errezetan,osagairik garrantzitsuena!
    Lagunak, agian ez gera gauza zuek altxatzeko, baina….
    aurkituko degu zuek ez erortzen uzteko modua.
    Ani ez zaitugu sekula ahaztuko, asko irakatsi diguzu, beti egongo zara gure bihotzetan!
    Muxu haundi bat familia !

    Erantzun

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: