Heriotza eta doluari buruzko ‘Aulki Hutsak’ dokumentala salgai

Iñaki Peña medikuak eta Arteman Komunikazioa enpresak orain dela bi urte ekoiztutako ‘Aulki Hutsak’ heriotza eta doluari buruzko dokumentala salgai jarri dute hainbat eskaera jaso ostean.

Dagoeneko martxan dagoen Durangoko Azokan (abenduaren 4tik 8ra) eskuratu daiteke Aranzazu Ediciones-en standean.

Beste aukera da filmaren hurrengo emanaldietan eskuratzea edo eragileekin harremanetan jartzea.

Advertisements

‘Doluaren bidetik’ tailerra Arantzazun

Asteburu honetan, azaroaren 13tik 15era bitartean, ‘Doluaren bidetik / Por el camino del duelo’ tailerra egingo da Arantzazun (Oñatin), Bidegin elkarteak antolatuta. Aurtengokoa 9. edizioa izango da, ohikoa den moduan Asis Topagunean egingo da eta Bidegin-eko sortzaile, zainketa aringarrien erizain eta doluaren aditu Izaskun Andonegik gidatuko du.

Matrikula 190 eurokoa da eta horren barne egongo dira alojamendua, jatorduak eta tailerra bera. Tailerrera joaten direnek hildako lagun edo senidearen argazki bat edo haren objektu bat eramatea lagungarria izango da.

Izena emateko: info@bideginduelo.org edo 664 125 293.

 

Ani

Hernanin, 2015eko urria.

Aita eta ama izatea munduko gauza ederrena da. Bizitzak bitan egin digu opari hori, 2011ean gure lehenengo alaba jaio zen, Uxune. Eta 2015ean gure bigarren alaba, Ani.

Uxunek erakutsi digu dena ondo doanean guraso izatea zer den, eta Anik, dena nahi bezala ateratzen ez deneko amatasuna eta aitatasuna, haurtxorik gabekoa.

Bi aste geratzen zitzaizkigun konplitzeko eta egun pare bat generamatzan kontrakzio txikiekin. Gau batean kontrakzioak mingarriagoak izaten hasi ziren eta jaiotzaren momentua iristear zegoela pentsatu genuen. Baina goizaldera Ani sentitzen ez genuela konturatu ginen eta ospitalera igo ginen.

Ez dakigu noizbait hain urduri eta desesperatuta egon garen, itxaron gelan zain. Aniren taupadak entzutera sartu eta erizainak ez zuen lortu taupadak bilatzea. Ginekologoa etorri eta ekografia egin ziguten segituan. Sabel barruan dagoen haur baten taupadak oso azkarrak izaten dira eta ez dugu sekula ahaztuko monitorean Aniren bihotza ikusi genuen momentua, hain geldo, hain mantso… Baina bizirik zegoen oraindik.

Hortik aurrerakoa kaos anarkiko baten moduan gogoratzen dugu: lau erizainen artean arropa kendu, zalapartaka eta korrika ebakuntza-gelara, bizi hala hilko zesarea urgentea… Anik bizi behar zuen. Ze beldurra, bakarrik, bata besteari eskua eltzeko aukerarik gabe…

Eta hortxe agertu zen sorpresa desatsegina, inork espero ez zuena: ustez haurtxoa babestu beharko lukeen plazenta, askatuta zegoen. Bizi berri bat babesten zuen poltsak, ia bi bizirekin bukatu zuen. Sentitutako minak ez ziren kontrakzioak, plazenta askatzeak sortutako odol-hustearen oinaze eta minak baizik.

Eta hortxe atera zuten Ani. Erraietako sustraietatik zerbait modu basatian kendu izan balute bezalako sentsazioa izan zen. Korrika eraman zuten pediatrek. Eta amatxo, hortxe, erdi hilda, suminduta, haurtxoa ikusteko, ukitzeko eta laztantzeko aukerarik gabe. Eta aitatxo berdin, bakarrik, galduta eta haurtxoa ikusteko, ukitzeko eta laztantzeko aukerarik gabe. Transfusioak, medikazio gogorrak eta atseden hartzea kalbarioa izan ziren amatxorentzako baina are eta okerragoa izan zen haurtxo txikiarekin ezin egon izatea.

Azkenik iritsi zen momentua eta amatxok Ani ezagutu ahal izan zuen, aitatxok medikuei gogor egin baitzien momentu hori lortu ahal izateko. 3,5 kiloko neska eder eta polita. Medikuek esperantza gutxi eman zizkiguten baina ez, ezta posible. Ze mundutan hiltzen da haurtxo jaio berri bat? Orduak pasa ahala esperantzak gutxitzen zihoazen, Anik oxigenoa faltan eduki zuen eta lesio handiak zituen garunean.

Gure beste alabak ospitalean egin zizkigun bixitak ere gogoratzen ditugu. Ez dakigu benetan nola bizitu duen esperientzia hau baina gogo handia daukagu koxkortzen denean berarekin egun horiei buruz hitz egiteko.

Bitan etorri zen. Lehenengo aldiz, Ani oso gaixorik zegoela esan genion. Bigarren aldiz, Ani hil egin zela esan behar izan genion.

Eta bai, mundu honetan haurtxoak hiltzen dira eta jaio eta hiru egunetara joan zen Ani gure ondotik. Gure besotan hil zen, goxo-goxo, lasai-lasai. Bere azken arnas saioak sentitu ahal izan genituen eta inongo sufrimendurik gabe joan zen. Bere aitatxo eta amatxoren laztantxoak, muxuak eta hitz goxoak jasoz. Gure bizitzako momenturik gogorrena izan dela esango genuke, baina dudarik gabe, bera gure besoetan edukitzeko berriro bizituko genukeena. Mina, xamurtasuna eta batez ere maitasuna nahasten dituen momentua.

Eta orain, denbora pasa dela, zortedunak izan ginela pentsatzen dugu, gure umetxoa hiru egunez ezagutu ahal izan genuelako eta gure besoetan zegoela hil zelako, goxo-goxo aitatxo eta amatxorekin.

Baina Aniren heriotzaren ondoren, zer? Bukaerarik gabeko amildegia, ondorik gabeko putzua, itotzen zara, erotzen zarela dirudi, ez duzu ezer ulertzen, errudun sentitzen zara, desesperatuta, hutsa… eta ondo ondoraino traizionatuta.

Ospitalean momentu oro primeran zaindu gintuzten eta oso ondo portatu ziren gurekin. Baina iritsi zen altaren eguna. Hortxe joan gienen biok etxera, gure alaba gabe… Hori da hori negarrak eta tristura etxera iritsi eta Aniren gauzak han prest ikustean. Momenturik gogorrenetakoa bezala gogoratzen dugu. Uxune eta bi amonen laguntzarekin, gauza guztiak jaso genituen. Argi eduki genuen lehenengo momentutik, Uxunerekin prestatu genituenez Aniren gauzak, bera aurrean zegoela jaso behar genituela.

Ani Polloen erraustu genuen eta zeremonia txiki eta familiarteko batekin agurtu genuen. Momentu horretan sentitu bezala prestatu genuen agurra. Eta nahiz eta ez zen guztiontzat irekia izan, lehenengo egun horietan inoiz baino babestuago sentitu ginen familia, lagun, herriko jende, lankideei… dagokionez. Eta Aniri agurtzera gonbidatu ez bagenituen ere, guztion berotasuna, maitatua eta errespetua sentitu genuen, eta hori garrantzitsua da une hauetan.

Zeremonia eta agiri guztiak bukatu eta orduan iritsi zen okerrena: dolua eta bizitzen jarraitzea. Bizitzen jarraitu behar duzu, bizitza berreraiki behar duzu eta ez dakizu nola. Gure burua tren geltoki bateko andeneko eserlekuan ikusten genuen, geldi. Trenak pasa eta pasa eta gu hortxe geldi, ezin mugituz. Inpotentzia itzela sumatzen genuen. Trena hartu nahi genuen baina ezin…

Asko lagundu zigun Uxunek. Bera ikastolara eraman behar genuen, berarekin parkera joan behar genuen eta berak bere gurasoak behar zituen. Berari esker hasi ginen lehenengo egunetatik kalera ateratzen, erosketak egiten, parkera joaten, ikastolara joaten.

Lehenengo egun horiek gogorrak izan ziren. Mundua handiegia zen, nola bueltatu kalera triparik gabe eta haurtxorik gabe? Guk haurtxo bat erakutsi behar genuen kalean eta horren partez, esperientzia gogor bat kontatu behar izan diegu galdetu digutenei. Oso dolu zaila da, jendeak ulertzen ez duen dolua, alaba bat hil zaigu baina jendeak ez du ezagutu, beraz, askotan ez dute ulertzen nola maitatu daitekeen edo nola egon zaitezkeen triste, hiru egunez zurekin egondako haurtxo batengatik. Ez dute zerbait erreala bezala ikusten eta hori mingarria da.

Guk beti esaten dugu umore punttu batez, tesi soziologiko bat egiteko hainako erreakzio eta jarrera bizitu ditugula jendearekin. Batzuk zurekin egon nahi dute, beste batzuk espaloiaren beste aldera pasatzen dira zurekin ez egoteko, gauza oso politak esaten dizkizute, beste batzuen ahotik sekulako astakeriak entzun behar dira (edukiko dugula beste bat, ulertu gabe haur batek ez duela beste baten lekua betetzen; Hobe zegoela hilik eta ez gaixo bizitza guztirako, beraiena izango balitz bezala erabaki horren boterea…).

Baina ez dugu dena kontra izan. Pertsona ikaragarri onak eduki ditugu ondoan bide luze honetan lagundu digutenak. Gauza beretik pasatako familiak ezagutu ditugu, jaso dugun laguntza profesionala ikaragarri aberasgarria eta positiboa izan da, gurekin batera negar egin dutenak, kale erdian besarkatu eta sentitzen dut esan digutenak, gure testigantza entzun nahi izan dutenak, gurekin paseatzera joan direnak nahiz eta bazekiten paseo tristea izango zela… denei eskerrik asko.

Baina dena aurrera doa, jada urtebete pasa da eta denbora eta lan pertsonalaren poderioz eta familiako kide bakoitza bere erritmora, badirudi andeneko eserlekutik altxatzen zarela, ondoren trenbidera gerturatzen zara, gero trena hartzen duzu eta azkenik gainontzeko bidaiariekin esertzen zara trenean. Bizitzak zentzua hartzen du berriro eta bizipoza bueltatzen da bihotzera.

Zorionez, Aniren argazki gutxi batzuk baditugu eta album txiki bat sortu dugu bere bizitza laburra irudikatzen duena. Gogoa sentitzen dugun bakoitzean ikusten dugu eta nolabait Anik egindako opariak ez ahazteko balio digu.

Eskerrik asko Ani, gure bizitzan puntu eta aparte bat egiten lagundu diguzulako, zuri esker gure bizitzan dagoen jendea hobeto ezagutu eta bakoitza bere lekuan kokatu ahal izan dugu, gure baloreak birpasatu eta berriz zerrendatzen lagundu diguzulako, bizitzako gauza txikiez hobeto disfrutatzen ikasi dugu zuri esker eta ia egunero deskubritzen dugu zuk utzitako opariren bat. Denagatik eskerrik asko.

Oso polita izan da zu ezagutzea, maite zaitugu.

Arkaitz eta Itziar, Aniren aitatxo eta amatxo.

Umamanita elkarteari buruzko erreportaje zabala La2en

Umamanita elkartea aitzindaria da Espainiako Estatuan seme-alabak jaio aurretik, erditzean edo epe laburrean hil zaizkien familiei babesa ematen. Luzaroan lana egin ostean, 2009an Madrilen kalera irtetzea erabaki zuten eta ordutik hala egiten dute urtero. La2ekoek agerpen hori baliatu dute Umamanita elkartea bera eta hainbat guraso eta familiok bizi (izan) duguna gizarteratzeko.

http://www.rtve.es/alacarta/videos/la-aventura-del-saber/aventuraglobosparaelrecuerdo/2950655/

Haurrak heriotzaz galdetu dit, zer esan?

Guraso askoren kezka izaten da; ohikoa da, heriotzaren gaia ateratzen denean, saihestu, beste aldera begiratu eta gaiz aldatzea. Geure tabuak umeei helarazteko lehen urratsa izan daiteke. Baina, nola hitz egin haurrekin heriotzari buruz? Zer esan? Adinaren arabera, zenbaterainoko ulermen maila daukate? Galdera horiei guztiei eta gehiagori erantzuten die Tamara Arroyo psikologoak, Ttiklik Elkargunearen webgunean.

Hona hemen bere artikulua, osorik.

 

‘Bebes invisibles’, dolu perinatalaren bi testigantza hurbileko

Ana Perez eta Noelia Sanchezek Cora eta Valentina alabak galdu zituzten haurdunaldian. Bi ama horien testigantza jasotzen du Minushu izeneko proiektuaren baitan egindako ‘Bebes invisibles’ lantxoak.

Bideo laburra da, baina oso hurbilekoa eta bere horretan jasotzen du gutako askok sentitu izan duguna.

Eskerrik asko Ana eta Noelia, bizipena konpartitzeagatik; eta Cora eta Valentina hainbeste irakasteagatik!

Hemen ikusi.

‘Aulki Hutsak’ doluari buruzko dokumentala Hego Euskal Herriko liburutegietan

Heriotza eta doluari buruzko ‘Aulki Hutsak’ dokumentala Hego Euskal Herriko liburutegi guztietan eskuragarri egongo da urrirako. Zabaltzen hasia da dagoeneko eta oporren etenaldiaren ostean, aleak Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako liburutegi guztietara heltzea espero dute dokumentalaren egile Iñaki Peñak eta Arteman Komunikazioko kideek.

Lan dibulgatiboa da ‘Aulki Hutsak’ eta medikuntza alorreko langile zein herritar askoren interesa ikusita, liburutegietan eskuragarri egoteko kopiak egin dituzte.

‘Return to Zero’, heriotza perinatalari buruzko filma

‘Return to Zero’ AEBetan aurten estreinatu den film komertziala da. Sean Hanish zuzendariak gidatuta, egiazko istorio batean oinarrituta dago. Erditu baino aste batzuk lehenago, umea hil egingo zaio bikote bati. Horren ondoren, biziko dutena kontatzen du filmak: mina, amorrua, hutsunea, gizarteak egingo dien ezikusia, heriotza hauen gainean dagoen tabua, bikotearengan kolpe latz honek eragingo dizkien gorabeherak… Gutako askok jada ezagutzen ditugun egoerak, baina film honen bitartez gizarteratzeko jauzi handia egin dezakeena.

‘Zerora/hasierara itzulera’ moduan itzuli genezake filmaren izenburua; eta ‘A true story about love, loss and hope’ azpititulua, berriz, ‘Maitasun, galera eta esperantzari buruzko egiazko istorioa’. Hemen filmaren trailerra.

Filma oraindik ez da heldu Euskal Herrira, baina erne egongo gara.

Bide batez, filmaren egileek azpimarratu dute lan honen helburua dela heriotza perinatalaren gaia gizarteratzea eta mahai gainean jartzea. Horrekin lotuta, aipatzen dute urtero AEBetan zirkulazio istripuetako biktimek eta heriotza perinatalekoek kopuru antzekoak hartzen dituztela.

Filmarekin batera, extratan gaiari buruzko film laburrak ere batu dituzte. Eta bloga ere badute, non jende askok filmari buruzko iritziak eta beraien esperientziak kontatzen dituzten. Eta filma ikustearekin bat, taldean edo bakarka lantzeko ariketa-txostena deskargatzeko moduan jarri dute. Zoritxarrez, material guztia ingelesez dago oraindik.return_to_zero_xlg

“Aulki hutsak” dokumentala Antzuolan, urtarrilaren 30ean, 19:00etan

AulkiKartela.jpg

Heriotza eta doluari buruzko dokumentala da Aulki Hutsak. Gaur egun gure gizartean tabu den gaia dakar dokumentalak, Maite dugun hori hiltzean zer? galderari erantzuna topatu nahian.  Izan ere, gure bizitzan zehar, lehenago edo beranduago, modu batean edo bestean, bai ala bai, tokatuko zaigun gaia da.

Profesionalen eta norbait galdu duten senideen elkarrizketak biltzen ditu dokumentalak. Zer gertatzen da maite dugun hori hiltzen denean? Normala da sentitzen dudana? Noiz hasi behar gara kezkatzen? Eta trabatzen bagara nora jo? Heriotza batek eragiten duen minak (dolus) sortzen dituen hainbat galderen inguruko hausnarketa egiten du lan honek. Zainketa aringarriak giza eskubide bat direla ere aldarrikatzen du, gainera, Arteman Komunikazioak enpresak ekoiztu duen obra honek.

Minbiziaz hitz egiten da, bestelako gaixotasunez, suizidioaz, zahardadeaz, …  baita dolu perinatalaz ere.

Euskara da hizkuntza nagusia, baina badaude gaztelaniaz eta ingelesez zenbait testigantza. Eta hain zuzen ere,  euskaraz eta gaztelaniaz jarraitzeko aukera ematen du, azpitituluen bidez.

“Aulki hutsak” dokumentala Antzuolan urtarrilaren 30ean, osteguna, 19.00etan proiektatuko da. Iñaki Peña medikuak zuzendu du eta aurkezpenean bertan egongo da, dokumentalean parte hartu duten kide batzuekin batera. Izan ere, dokumentala ikusteko aukeraz gain, gaiaren inguruko solasalditxo bat egiteko aukera ere izango da.

Heriotza eta doluari buruzko ‘Aulki Hutsak’ dokumentala

Gurutzeta Ospitalean zainketa aringarrietan lan egiten duen Iñaki Peña medikuak bultzatuta eta bera zuzendari dela, ‘Aulki Hutsak’ izeneko dokumentala egin du Arteman enpresak. Peñak, bere esperientzian oinarrituta, gaur egun oraindik hain ezkutuan bizi dugun heriotza landu nahi izan du. Hala, heriotzaren inguruko sentimenduak (mina, hutsunea, haserrea…) hari bihurtu eta heriotza familian edo lagun artean bizi izan duten zein arlo horretako profesionalak diren hainbat lagun elkarrizketatu dituzte ikus-entzunezko hau osatuz.

Dokumentalak dibulgatiboa izan nahi du eta heriotzaren kolpea eta bizipen hori hurbiletik erakutsi; baita, jakina, esperantza transmititu. Osasun arloko hainbat esparrutan emango da dokumentala, baina, baita ere, hainbat herritako kultura etxe eta bestelako foroetan.

Abenduaren 19an, osteguna, aurkeztuko da jendaurrean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, 19:00etan.

AulkiHutsak2